XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zana zala, atsegiña zitzaion neskari jendeak ipiñi zion deikera panpox ori, eta orrela ematen zuan berak beti bere izena, eta orrela deitua izatea gustatzen zitzaion: Miss BBB.

Izakerari zegokionez berriz, zearo Iparramerika'ko alaba zan gure Miss BBB.

Soiñez, printzes bat bezain txukuna, apaiña, pinpiriña, moñoña; Ipar-Amerika'ren Egoaldeko beste neskatil dotore aiek bezalakoa.

Gogoz ordea, Sarkaldeko neska pistolarien antzera, bizkorra, kementsua, ausarta, gogorra: riflea belaunen gaiñean erne, eta gurdi astunaren zaldien ugelak eskuetan zituztela, Kaliforni'runtz abiatzen ziran neska erdimutil aien kidekoa.

Bazuan baitare Miss BBB'k Sarkaldeko bide aien ertzetako saloon zaratatsuetan, dantzan-eta, bizia ateratzen zuten beste neska aien antza pittin bat ere.

Paris'en eta Londres'en ikastetxerik gareistienetan izan bait zan ezia, bazekizkian Miss BBB'k, garai txolin artan sendi aberatsetako neskatillei erakusten zitzaizkien txukunkeritxo guztiak.

Ederki ezagutzen zuan beraz inglandarrek glamour eta frantziarrek politesse esaten zioten sakontasunik gabeko axal-axaleko eziketa dizdiratsu aren aparra zan pittinkeri ddottore ttontto exerexa.

Orrelakoa bait zan ikastetxe aietako eziketa: bereiziki, gizartean beti elegante agertzearren, itxurak gordetzen jakiteko bearrezkoa zana irakasten zuan eziketa motza.

Alataguztiz, naiz txolinkeri ortan yayoa irten, Miss BBB'k ez zuan beiñere bere barrengo sarkaldetasunik galdu.

Ala, Orleans Berri'ko jauregi eder aien areto bikaiñetan dantzaz-dantza eta jaiez-jai emetasun goxoan bizitzea baiño atsegiñago izan zitzaion beti, Europa'-ko ikasketak bukatu zituanez gero, bere aitaren ontzietan itxasoz-itxaso edo Luisiana'ko zelaietan basoz-baso laisterka zaldiz ibiltzea.

Ta ikasle zanean ere, opor-egunez, al zuan guztietan iges-egiten bait zuan bere aitaren ontziren batera, arras oiturik zegoan ontzi aietako gizonezkoen arteko borroketara, maiz aski borrokalarietako baten eriotzaz amaitzen ziran borroka anker aietara.

Orleans Berri'n bertan ere, sarri joan oi zan bi mirabe beltz lagun artuta, ain borroka-leku ziran jende beltzaren auzo naasietara.

Atsegin zitzaizkion neskari borroka aiek danak, eta, une berean, bere aitari ere, Mister Thomas Barrimore-Byass'i arras atsegiña zitzaion alabaren izaera.